sábado, 27 de octubre de 2012

Lurra baino handiagoa den diamantezko planeta bat aurkitu dute

Lurra baino bi aldiz handiagoa da "55 Cancri e" planeta eta Yale Unibertsitateko ikertzaileek atzeman dute.



Yale Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek grafitoz eta diamantez osaturiko planeta harritsu bat aurkitu dute, Lurra baino bi aldiz handiagoa.
"55 Cancri e" izena jarri diote, eta Eguzkiaren antzekoa den izar baten inguruan dabil, Cancer konstelazioan, Lurretik 40 argi-urtera, nahiko gertu, horregatik, erraz ikus dezakegu.
Planetak oso azkar ematen du bira, beraz, urteak 365 egun beharrean, 18 egun irauten ditu. Halaber, oso beroa da, zehazki, 2.148 gradu ditu.
Ez da diamantezko planeta bat atzeman duten lehen aldia, baina bai Eguzkia bezalako izar batean bueltaka dabilen lehena.

Lehengo urtean atzeman zuten planeta lehen aldiz. Hasiera batean, uraren osaera kimiko antzekoa zuela uste zuten ikertzaileek, baina planetak urik ez duela ondorioztatu dute.
Masaren herena (Lurraren masaren hirukoitza) gutxienez, diamantea da.

lunes, 15 de octubre de 2012

Felix Baumgartner austriarrak historia egin du


Felix Baumgartner austriarrak 39.000 metroko altueratik jauzi egin du. Jauziaren aurreneko 40 segundoetan soinu-langa hautsi du (1.173 km/h).



Felix Baumgartner Austriako kirolariak estratosferatik jauzi egin du gaur, 39.000 metroko altueratik, hain zuzen ere. Soinu-langa hausten duen aurreneko gizakia izan nahi zuen. Hautsi nahi zituen lau errekorretatik hiru hautsi ditu.
Bi ordu eta 35 minutuko igoera baten ostean (Roswell, AEB), globo aerostatikoak altuera egokia harrapatu eta Baumgartnerek jauzi egin du.
Jauziaren aurreneko 40 segundoetan soinu-langa hautsi du; izan ere, 1.342 kilometro orduko abiadura harrapatu du tarte horretan.
Baldintza normaletan, atmosferan soinu-langa 1.234 kilometro orduko abiaduran dago, baina estratosferan 1.110 kilometroko orduko abiaduran aurkitzen da, aireak erresistentzia txikiagoa duelako, misioaren arabera.

Jaitsiera kontrolatu eta ginbalet-eran erortzea saihestu du Baumgartnerek. Jauzian zehar konortea galtzeko eta burmuineko odoljarioa izateko arriskua zuen kirolariak.
Jauziak lau minutu eta 20 segundoko iraupena izan du. Jausgailua zabalik egin duen tartea kontuan hartuta, 15 minutuko jauzia izan da.
Misioa prestatzeko bost urte behar izan ditu Austriako kirolariak. Baumgartnerek lau errekor hautsi nahi zituen: laguntza mekanikorik gabe soinu-langa haustea (1.100 kilometro orduko abiadura); jausgailu batekin altuera garaienetik jauzi egitea; jauzi luzeena egitea eta globo batekin punturik urrutienera heltzea.
Hiru errekor
Baumgartnerrek hiru errekor hautsi ditu: soinu-langa haustea, jausgailu batekin altuera garaienetik jauzi egitea eta globo batekin punturik urrutienera heltzea.
Joe Kittingerek 1960an jauzi egin zuen 31.333 metroko altueratik. Orain 84 urte ditu eta Baumgartner lagundu du misio berrian.


domingo, 14 de octubre de 2012

Britaniar batek 80km/h abiadura hartzen duen haur-kotxea asmatu du


Erosketak eta edariak eramateko lekua ere jarri dio. Guztira, 450 libera inbertitu ditu asmakizunean.





Colin Furze iturgin britaniarraren asmakizuna izugarri ondo hartuko dute munduko guraso alferrenek. Britaniarrak asmatutako haur-kotxeak abiadura handia hartzen du eta erosketara joateko beharrezko guztia du, edariak eramateko txokoa barne.
Furzeren bikotea haurdun zegoela, iturginak etorkizunean eman beharko zituen paseo luzeetan pentsatzen hasi zen, eta haur-kotxe bat hiru gurpiletako lasterketa-ibilgailu bihurtzea bururatu zitzaion.
Ibilgailuari motor baten motorra jarri zion, eta horri esker 80 km/h abiadura har dezake. Horrez gain, atzeko aldean gurpil-plataforma bat jarri zion gidaria zutik egon ahal izateko, eta heldulekuan, berriz, botoi batzuk. Heldulekua da, hain zuzen, ibilgailua gidatzeko tresna.
Furzek 450 libera (720 dolar) inbertitu ditu bere 'superkotxea'n. Erosketak eta edariak eramateko txokoa ere jarri dio.
Guinness marka
Colinek dagoeneko Guinness errekorren liburuan sartzeko eskaera egin du, munduko haur-kotxe azkarrena asmatzeagatik.
Liburuaren baldintzen arabera, ibilgailua 50 km/h abiadura hartzeko gai izan behar da. Furzeren hitzetan, abiadura handia hartzen duenean, haur-kotxea ez da gidatzeko batere erraza, baina momentuz istripuak saihesteko gai izan da.

viernes, 12 de octubre de 2012

Lady Gagak botaka egin du Bartzelonako kontzertuan


"Ez nuen inork ikustea nahi baina norbaitek barre egiteko beharra badu, ikus dezala bideoa!", idatzi du bere twitterreko kontuan abeslariak.

Duela zenbait egun Justin Bieberrek egin bezala, Lady Gagakere oholtza gainean oka egin du.
Larunbatean Palau Sant Jordin eskainitako emanaldian gertatu zen: “The Edge Of Glory” kantuarekin ari zela, pare bat aldiz makurtu behar izan zuen ilehoriak botaka egiteko. Bizkarrez baldin bazegoen ere, zaleren batek edo bestek ikusi eta grabatzeko aukera izan zuen eta ikus-entzunezkoa bolo-bolo dabil sarean. Zeresanaren aurrean, Lady Gagak gertaeraren inguruan idatzi du twitterren; kontuari garrantzia kenduz eta bere buruaz barre eginez.
Ikuskizunarekin arazorik gabe jarraitu zuen abeslariak eta beraz, asko dira goragalea berak propio eragin zuela   pentsatzen dutenak.

Baskonia azken laurdenean ito da


Ivanovicen jokalariek azken unera arte irabazteko aukerak izan dituzte, baina azken laurdenean kale egin dute eta Olympiakosek neurketa erabaki du. Horrela, arabarrak esku hutsik itzuliko dira etxera.

Caja Laboral Basconiak Atenasen porrota jaso du. Olympiakos egungo txapeldunak Baskonia 85-81 hartu du mendean. Gasteiztarrak aurpegia eman dute, baina azken laurdenean bost minutu oso makal aritu dira eta garaipena ezinezkoa izan da. Hala eta guztiz ere, amaierara arte aukerak izan dituzte.
Greziako taldea lehen laurdena indartsu hasi da eta gasteiztarrek taula azpian duten ahulezia ederki aprobetxatu dute. Horrela, Dorsey arabarren saskian bi aldiz zintzilikatu da. Gainera, Olympiakosek kanpoko jaurtiketetan asmatu egin du. Hala ere, Ivanovicenek ez dute etsi, defentsan estutu eta markagailuan aurretik amaitu dute laurdena (18-23).
Baskoniaren abantaila bigarren laurdeneko lehen minutuan desagertu da, baina Ivanovicek hutsartea eskatu eta Atenasekoen erreakzioa bertan behera utzi du. Hala ere, Olympiakosek taula azpian lan egin eta pixkanaka-pixkanaka markagailuan aurrea hartu du (48-37). Caja Laboralek puntu gehiegi jaso ditu atsedenaldia baino lehen.
11 puntuko desabantailarekin hasi dira arabarrak bigarren zatian, baina Baskoniaren bosgarren hiruakoak greziarrak eskura jarri ditu. Horrela, gasteiztarrek sakatu dute eta hirugarren laurdenaren amaierara irabazteko aukerekin heldu dira (65-66).
Azken laurdenean arabarrek bost minutuko krisia izan dute eta greziarrek norgehiagoka erabakita uzteko aprobetxatu dute. Ondorioz, gasteiztarrak eusku hutsik itzuliko dira etxera.